XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Txakurtxo bat bezala intzirika, obeditu zion Big Joek.
Ezin zion kontra egin Pilonen hira bidezko hari.
Luze aritu ziren altxorraren bila.
Berandu zen Pilonek ilaran zeuden hiru zuhaitz seinalatu zituenean.
-Hara hor!
Bila ibili ziren lurreko sakonunea aurkitu zuten arte.
Ilargiaren argitasun mehea zuten gidari, gau hartan oskarbi baitzen.
Lanean aritu beharrik ez zuela eta, teoria berri bat asmatu zuen Pilonek altxor ezkutuei buruz.
-Batzuetan zakuetan sartua egoten da dirua
-Zuzen-zuzenean zulatuz gero, zerbait gal daiteke
-Aurrena, sail handi biribil bat harrotu, eta iritsiko gara gero altxorrera.
-Zuk ez duzu ezer egingo?
Ikaragarri haserretu zitzaion Pilon.
-Manta lapurra al naiz bada?
-Aterpea ematen didan lagunaren ohean lapurretan ibiltzen al naiz?
-Tira, ez dut nik egingo lan guztia
Aurreko gauean bertan gurutzea egiteko erabili zuen makiletako bat jaso zuen Pilonek.
Mehatxuz hurbildu zitzaion Big Joe Portageeri.
-Lapurra!
-Adiskide zerri zikin faltsua.
-Heldu palari.
Big Joeren adoreak atzera egin zuen, eta pala lurretik hartzera makurtu zen.
Erabateko gorrotoa zion Big Joek palan aritzearekin zerikusia zuen orori.
Pala erabiltzeko lanbidea ez da, izan, batere erakargarria.